Ilunabarra. Ur goiena zinean hartzeko bilduak ginen apez etxean Herriko haur guziak garraxika inguruan. Bat batean denak ixilik gelditu dira, lurrak iretsi balitu bezala. Gero, mutilen abestia:

 

            Izotzetan elurretan

            abenduko gau luzetan

            beste guziak ohian eta

            gu, gaixuok, oinutsetan.

 

      Ez, ez zen egia., Ez zen izotzik, ez elurrik; udaberriko gauetze ederrenetakoa. Gu ere mahaitik mugitu eta ikustera goaz. Irrutiko gizon bat gure ohitura zaharrak ikasi nahaian, Ur goiena erremendu batekin jasotzen ari da. Zer esanik ez gure ankotsen berri eman duela tresnak. Berdin du; kamioi haundi baten zurrunbak moztu du saioa.

      Hamar hamabi mutil gazte dira abeslariak; berrogeitik gora, bai, inguruan kondatu nituen haurrak. Atzerago bialdu ta hasi zen bigarren saioa. Txakur biren jaunkak irrutian.

      –Zaila da herri bati eztarri zuloa ixten, esan diot.

      –Ez du axolarik, arantzun du berak. Txakur hotsak baino txarragorik bada herritan. Itxura duenez, etxez etxe ibiliko ziren gazteak urtezahar gauean. Era guzitako bertsoak badira. Denendako balio duen ur berriaren eskaintza:

 

            Ur goiena, ur barrena

            Urteberri egun ona,

            pakearekin osasuna

            onarekin ondasuna.

 

      Herriko apezarengana joaten ziren lehenik:

 

            Abade jauna berorren

            lizentziarekin

            nahi nuke kantatzen hasi

            nere lagunekin.

 

            Egun onak ematera

            zure familiari

            nere deseioa da-ta

            lehenikan berorri.

 

      Nagusiari egiten zaizkion bertsuak bere nortasuna haizatzeko dira:

 

            Hor goien goien izarra

            errekaldean lizarra

            etxe hontako nagusi  jaunak

            urre gorrizko bizarra.

 

            Etxe hontako nagusi jaunak

            poltxia txintxirrinduna,

            poltxia txintxirrinduna

            zilar ezpataduna.

 

            Hor golen goien belea

            erreka aldean goldea,

            etxe hontako nagusi jauna

            nekazaritxo noblea.

 

      Aipamen ugarienak, halare, etxekoandreari egiten zaizkionak. Bazekiten laguntza harengandik etorri bebar zuela, eta gauza politak esaten zizkioten.

 

            Etxe hontako andre zabala

            ama onaren alaba,

            bidean aditu dugu

            limosnaria zerala.

 

            Etxekoandre giltzaria

            iriki zazu ataria,

            iriki zazu ataria

            badekagu ur berria.

 

            Hemen gera etxekoandrea

            zure gauza zein ona

            egun hontan jantzikoytuzu

            zure soinian hamar gona;

 

            Txuri nabar azpiko

            gorri ederra gaineko,

            zure parerik ez da

            plaza bat onratutzeko.

 

            Hor goien goien iturri

            ura da txorrotik etorri,

            etxe hontako etxekoandreak

            Ama Birjina dirudi.

 

            Sentitzen zaitut, sentitzen,

            ari zerala jaikitzen

            zure gerriko giltza soinua

            hemendixen dut aditzen

 

      Seme-alaba gazterik balin bazen etxean, haientzako ere baziren koplak:

 

            Damatxo gazte konponitua

            hoiek kolore gorriak,

            zure matelak iduri dute

            klabelinaren orriak.

 

            Klabelinaren orriarekin

            arrosa maiatzekua,

            hementxe gaude zure begira

            damatxo bihotzekua.

 

            Sentitzen zaitut, sentitzen,

            sala berrian jeikitzen

            zure oin txiki politen hotsa

            hemendixen dut aditzen.

 

            Etxe honetan oilar bi

            batek bestea erori,

            etxe hontako zaldun gazteak

            hamalau urre txintxarri.

 

            Hamalau urre txintxarrirekin

            zazpi damaren eguzki

            hoiek danak hala izanik

            gehiago du merezi.

 

      Hobe zen ahora zer emanik gabe gelditu, haiei ezer eman gabe baino. Bereak eta asto, beltxarenak entzuten zituen zimurrak:

 

            Eguzu, bada, eguzu,

            baldin eman nahi baduzu,

            eman nahi baduzu eta

            bestela despedi gaitzazu.

 

            Hor goien goien lainoa

            haren azpian otsoa,

            arkakusoak hilko al du

            etxe hontako atsoa.

 

            Arramaiuan sagua

            haren atzetik katua

            etxe hontako limosnarekin

            ez dugu beteko zakua.

 

            Goien goien elorri

            ondoan jo ta erori

            etxe hontako etxekoendreak

            labe zatarra dirudi.

 

            Etxe hontako etxekoandreak

            labea bete ipurdi,

            labean ezin kabitu

            eta haustokira erori.

 

      Oraiko gazteak ez lirake etxez etxe ibiliko. Herri txikiren batean ateratzen omen dira, baina lasterka; biz-bat-lau bertso abestu ta berriz ostatura.

      –Hemen zer ahitura da? galdetu du tresnarekin zebilen gizonak.

      –Apezaren etxera inguratzen dira herriko agintariak eta han daudela joaten zaizkie mutilak. Opil-gozo edo tarta ematen diete mutilei, berek ur berria edan ondorean.

      –Eta men denboratik asko aldatu da?

      –Giroa, bai. Gu beti peleian ibiltzen ginen, borrokan mutil talde bat bestearen kontra. Lehenbiziko etortzen zenari ematen zioten opila. Herri batzutan bigarrenarendako ere zerbait izaten zen, laukoren bat besterik ez bazen ere; hemen ezer ez. Lasterkari hoberena bidaltzen genuen pitxerrarekin ur eske. Hamabiak jotzen hastearekin batean hartu bebar izaten zen ura, eta laster lagunetara. Polita zen.

      –Eta ogia zen, gero, gur ematen ziguten olatia!, esan du artzaiak. Ez uste izan orai bezala tarta ederra!!! Eta oraiko haurrek txokolatia baino gustorago jaten genuen. Ia baden diferentzia!

      Manetofoi lana kanpoan eginik barnera sartu gara denok.